Saltatu eta joan eduki nagusira

Osasuna Altzan

Herrerako Udal Sorospen-Etxea (1933). Marrazkia tamaina handian deskargatu.


Osasuna gaixotasun falta baino askoz gehiago da. Osasuntsu bizitzeko, ingurumen osasuntsua behar dugu, lan egiteko modu orekatuak, elikadura egokia, jarduera fisiko eta psikologikoa, eta giza-harreman aberatsak ere bai. Gaixotasunak sortzen direnean, aldiz, laguntza eta sendatzeko erak behar ditugu, eta horretarako, gizakiok mendeetan bildu ditugun jakintza herrikoiak eta ikerketa zientifikoak baliatzen ditugu.

Orain dela 60 urte ez zegoen osasun zentrorik Altzan, auzoko mediku bakar bat baizik. Edozein ezbeharren aurrean, Altzako biztanleak korrika joaten ziren medikuarenera edo, egoeraren arabera, medikua gaixoaren etxera hurbiltzen zen. Hala ere, mediku bakarra zegoenez, dirua ere gutxi eta sendagaiak hain urrutiko zerbait izanik, beste metodo batzuk erabiltzen ziren oso larriak ez ziren gaixotasun edo zauriak sendatzeko.

Metodo horien artean ezagunena sendabelarren erabilera zen, edariak, ukenduak edo enplastuak egiteko. Altza naturaz inguraturik zegoen eta inguruko landare horien ezagutza handia zuten. Sendabelarrek farmakoek baino askoz garrantzi handiagoa zuten Altzan, eta edozein tratamenduren aurretik, gaixotasunak edo ondoezak sendabelarrekin sendatzen saiatzen ziren.

1970. urtetik aurrera, osasungintza zerbitzu publikoa hedatzen hasi zen, eta ondoren, Altzako lehen anbulategia zabaldu zen, Errotetako lokal batean.

Kontatu digutenez, bertako medikuak oso jatorrak ziren eta jendea oso gustura zegoen beraien zerbitzuekin, baina eraikina baxu bat zenez, garbitasun aldetik oso gaizki antolatuta zegoen. Garai hartan, Erroteta eta Santa Barbara kaleek ez zuten asfaltorik eta kaleak lokatzez beteta zeuden, eta ondorioz, anbulategia kale parean egonda, zapatetan eramandako lokatza barruraino sartzen zen.

Hori ikusita, higiene aldetik hobekuntzak egiteko, Altzako biztanleak elkartu eta anbulategia lekuz aldatzeko borrokatu ziren. Altzako Auzo Elkarteak ahalegin ugari egin zituen anbulategi berriaren alde, eta azkenik, Granja Sarasola izeneko eraikina zegoen lekuan kokatu zen, 1984an, gaur egun dagoen tokian. Horrela, leku garbia eta biztanleentzako egokia izatea bermatu zen. Altza Osasun Zentroa da bere izen ofiziala eta Osakidetza sarearen parte da.

Baina, esan bezala, osasuna ez da soilik gaixotasunak zaintzea. Altzatarrak aspaldidanik ari dira osasuntsu bizitzearen aldeko borrokan. Altzan kutsadura murrizteko eta auzoak parkeak, kiroldegia, pasealekuak eta bestelako azpiegiturak izateko, bizilagunek lan handia egiten dute. Azpimarratzekoa da amiantoaren kutsaduraren aurkako borroka, oso gaixotasun larriak eragiten dituelako. Altzako kiroldegia, gainera, Toschi-Ibérica enpresa zegoen lekuan eraiki zuten, eta enpresa horrek amiantoa ekoizten zuen (uralita izenez ezagunagoa). Ondorioz, kiroldegia bota dutenean, berria eraikitzeko, alarma piztu da amianto-zuntzak aireratzeak biriketako gaixotasun larriak eragin ditzakeelako.

Borroka horietan, auzo elkarteez gain, horretarako bereziki sortu dira batzorde edo lan-taldeak. Adibidez, 1990ean Gure Bidea elkartea sortu zen, Altzako ingurumenaren kontserbazio eta defentsaren alde, osasun eta kirol ekipamenduen hobekuntzaren alde eta orokorrean, Altzako bizilagunen bizitza-kalitatearen alde lan egiteko. Duela gutxiago, 2017an, Altza Osasuntsuagoaren Aldeko Plataforma sortu zen, kiroldegi berriaren eraikuntzan amiantoaren egoera salatzeko eta zaintzeko, eta, horrekin batera, Altza osasuntsuagoa izateko ideia berriak sortzeko.

 
Ikusten duzun bezala, Altzan osasuna kezka handia da. Zuk zer egiten duzu osasuna lantzeko? Auzoan zer hobetuko zenuke, bizilagunen bizitza hobea izateko?

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Altzako baserriak

Garbera-goia baserria. Marrazkia tamaina handian deskargatu Baserriak ez dira bizilekuak soilik. Berez, landa-inguruko lan-unitate osoak dira eta lurrak, abereak eta etxebizitza bateratzen dituzte. Euskal Herriko eremu geografiko askotan finkatuak zeuden eta Altzan ere, 600 urtez baserri ugari egon dira. Eraikina harriz eta egurrez egina zegoen gehienetan, eta nekazaritza-lurrak eraikinaren inguruan zeudenez, jendeari isolamendu sentsazioa ematen zion, baserri batetik bestera joateko nahikotxo ibili behar izaten zelako. Hori kontatu digute hainbat altzatarrek. Baserriaren eraikinak bi solairu izaten zituen. Behean sukaldea eta ikuilua zeuden eta goian, berriz, logelak eta biltegia. Sukaldea zen leku-rik garrantzitsuena, bertan elkartzen baitziren etxebizi-tzako guztiak familia-bizitza egiteko. Baserrietan normalean familia kide asko bizi ziren, 13 edo 14 pertsona gutxi gorabehera. Bikote baten seme-alabak ezkontzen zirenean, baserrian bertan bizitzen gelditzen ziren,...

Altzako ahozko historien ikas-materialak 2: Gabonak Altzan

Bigarren ikas-unitatea dakartzagu, zertaz eta... Gabonen inguruan, ezin bestela izan data honetan! Unitate honen erronka nagusia, agenda edo ekitaldi bati buruzko testu bat idaztea da, egunkarian argitaratzeko modukoa, edo webgunean. Agendako ekitaldi hori benetakoa izan daiteke edo asmatua. Erronkarekin batera, Gabonak Altzan nola pasa izan diren azalduko dizugu, altzatarrei egindako elkarrizketetatik hartutako bizipenak hartuta. Horrez gain, Gabonetako abestien inguruan gehiago jakiteko aukera izango duzu, baita marrazki-lehiaketa batean parte hartzeko ere! Espero dugu oso ondo pasatzea material hauen aitzakiaz! Gabonak Altzan: ikas-materialak Gogoratu: ikas-material hauen helburua da guk dakigunetik abiatuz beste pertsona batzuekin ideiak, proposamenak, sentipenak, gertaerak... partekatzea, dakiguna balioesteko eta besteekin batera ikasteko Hona hemen unitatearen ikuspegi orokorra:

Industria Altzan eta inguruan

Errementeri zaharra. Marrazkia tamaina handian deskargatu. XIX. mendean aldaketa handiak gertatu ziren gizartean. Nekazaritzak, artisautzak eta ontzigintzak lehentasuna galdu eta industrializazio masiboa gailendu zen; industria-iraultza deitu zitzaion garai honi. Lege berriak egin eta errepideak, burdinbideak, banketxeak, garraio eta industria berri asko sortu ziren. Lantegi handi hauek aurrera ateratzeko, esku lan asko behar zuten. Horregatik, inguruetan bizi ziren nekazari eta artisau askok industrian lan egitera pasatzeko erabakia hartu zuten, eta beste askorentzat aukera bakarra izan zen, beste lanik ez zegoelarik. Garai honek migrazio handiak eragin zituen. Landa-ingurutik hirirako migrazioa oso traumatikoa izan zen jendea askorentzat; nekazaritza-lana ere oso gogorra zen, baina hiriak naturarekin haustea eta kutsadura handiko inguruan bizitzea eragin zien. Geroago, XX. mendean batez ere, industriarik gabeko urrunagoko beste lurralde batzuetatik ere etortzen hasi ziren asko e...