Saltatu eta joan eduki nagusira

Nola egiten ditugu ahozko historiak?


Sistematzeko ahalegin handia eginda hori oso gustuko ez badugu ere, bost une identifikatzeko moduan gaude:

1. Unea: Elkarrizketak egin
2. Unea: Ahozko historiaren zirriborroa egin
3. Unea: Zirriborroa elkarrizketatuei irakurri eta tailerretan eztabaidatu
4. Unea: Behin betiko lana osatu
5. Unea: Historiak hedatu
Eta zenbait ohar egiteko beharra ikusten dugu:
·     Komeni da herriko historiaren inguruan zerbait jakitea aldez aurretik, informatzaileren baten bidez edo, bestela, idatzizko historiaren bat erabiliz.
·     Elkarrizketatuak hautatzeko, ohar hauek kontuan hartzea:
- Matrize sozio-kulturala:
1.   Dimentsio hauetako segmentu desberdineko jendea hautatzea: erlazio-kultura desberdinak (adin-tartea, etnia...), lan-kulturak, klase sozialak eta generoak.
2.   Lekuaren aniztasuna: herriaren banaketak ordezkatuak izateko (auzoak izan daitezke, edota goia-behea, ibaiaren alde bat eta bestea, mendialdea eta bailara, errepidearen alde bat edo bestea...)
3.   Atxikipen identitatea: elkarte bateko kide izatea, kirol-talde batekoa, edo zenbaitetan joera politikoak eta erlijiosoak kontuan hartuta.
- Elkarrizketa motak irekia izan behar du. Hasteko, galdera orokor bat egingo dugu, elkarrizketatuaren diskurtsoa irekitzeko, eta sentsibilitatearen, sormenaren eta aukeraren zentzumenak piztuta, historia osatzen joango gara, galdera «ez-zuzenak» erabiliz, adibidez: herri honetan ez zen jolasten?

- Kontuan izan behar da elkarrizketaren uneak hiru egoera nahasten dituela:
1) bizitakoaren oroitzapenak; 
2) elkarrizketatuaren gaur egungo egoera; 
3) elkarrizketaren egoera bera. Oso garrantzitsua da hiru egoera horiek ondo ulertzea, elkarrizketari etekin handiagoa ateratzeko.
·     Elkarrizketa guztiak bilduta ditugunean, zirriborro bat prestatuko dugu; Pedreran, Las Cabezas de San Juanen eta Olivaresen, lau multzo hauek egitea lagungarria izan zitzaigun: 
- Kontatu dizkiguten historien inguruko multzoa
- Bizi dugunaren inguruko hiru multzo: etxea, kalea, eta botere instituzional motak; jakina, beste egituratze modu asko daude, ahozko historiak askotariko gaiak lantzeko baliagarriak direla kontuan hartuta.
·     Elkarrizketatuak eztabaida tailerretan bilduko ditugu, normalean erreferentzia gehien egin dituzten gaien arabera multzokatuta. Tailerrean zirriborroa irakurtzen da, idazpuru bakoitza eztabaidatuz eta osatuz.
·     Lau edo bost tailerrak amaituta, behin betiko bertsioa prestatzen da. Narratzaileen eta herriko beste jendearen arteko topaketak egiten dira (horrela egin zen Las Cabezas de San Juanen; beste leku batzuetan koordinatzaileak izan ziren narratzaileen zeregina hartu zutenak). Topaketak soziabilitate espazioetan izan daitezke, ikastetxeetan... historiak hedatzeko eta ekintza berriak sustatzeko.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Altzako ahozko historien ikas-materialak 1: Jolasak Altzan

Materialari oraindik hainbat ukitu eman behar badizkiogu ere, hementxe dator lehen unitatea! Jakin nahi duzu zer kontatu diguten elkarrizketetan Altzako jolasen inguruan? Entzun nahi dituzu bi altzatarren hitzak? Sartu, sartu esteka honetan, eta ezkerretara aurkituko duzun nabigazioa erabiliz, arakatu materiala! Jolasak Altzan: ikas-materialak   Ikas-unitate honen erronka nagusia ikerketa bat egitea da, zure familiakideen eta ingurukoen jolasteko moduak aztertzeko. Horrekin batera, hainbat bideo, irudi eta testu izango dituzu, unitatean zehar bizipen desberdinak entzuteko eta zureak ere zure kideekin partekatzeko. Gogoratu: ikas-material hauen helburua da guk dakigunetik abiatuz beste pertsona batzuekin ideiak, proposamenak, sentipenak, gertaerak... partekatzea, dakiguna balioesteko eta besteekin batera ikasteko   Hona hemen proiektuaren ikuspegi orokorra:

Altzako ahozko historien ikas-materialak 2: Gabonak Altzan

Bigarren ikas-unitatea dakartzagu, zertaz eta... Gabonen inguruan, ezin bestela izan data honetan! Unitate honen erronka nagusia, agenda edo ekitaldi bati buruzko testu bat idaztea da, egunkarian argitaratzeko modukoa, edo webgunean. Agendako ekitaldi hori benetakoa izan daiteke edo asmatua. Erronkarekin batera, Gabonak Altzan nola pasa izan diren azalduko dizugu, altzatarrei egindako elkarrizketetatik hartutako bizipenak hartuta. Horrez gain, Gabonetako abestien inguruan gehiago jakiteko aukera izango duzu, baita marrazki-lehiaketa batean parte hartzeko ere! Espero dugu oso ondo pasatzea material hauen aitzakiaz! Gabonak Altzan: ikas-materialak Gogoratu: ikas-material hauen helburua da guk dakigunetik abiatuz beste pertsona batzuekin ideiak, proposamenak, sentipenak, gertaerak... partekatzea, dakiguna balioesteko eta besteekin batera ikasteko Hona hemen unitatearen ikuspegi orokorra:

Industria Altzan eta inguruan

Errementeri zaharra. Marrazkia tamaina handian deskargatu. XIX. mendean aldaketa handiak gertatu ziren gizartean. Nekazaritzak, artisautzak eta ontzigintzak lehentasuna galdu eta industrializazio masiboa gailendu zen; industria-iraultza deitu zitzaion garai honi. Lege berriak egin eta errepideak, burdinbideak, banketxeak, garraio eta industria berri asko sortu ziren. Lantegi handi hauek aurrera ateratzeko, esku lan asko behar zuten. Horregatik, inguruetan bizi ziren nekazari eta artisau askok industrian lan egitera pasatzeko erabakia hartu zuten, eta beste askorentzat aukera bakarra izan zen, beste lanik ez zegoelarik. Garai honek migrazio handiak eragin zituen. Landa-ingurutik hirirako migrazioa oso traumatikoa izan zen jendea askorentzat; nekazaritza-lana ere oso gogorra zen, baina hiriak naturarekin haustea eta kutsadura handiko inguruan bizitzea eragin zien. Geroago, XX. mendean batez ere, industriarik gabeko urrunagoko beste lurralde batzuetatik ere etortzen hasi ziren asko e...