Saltatu eta joan eduki nagusira

Altza auzoko ahozko historiak


Dinamizazio komunitarioa Altza auzoan ahozko historien bitartez



Proiektu honek ez du aldez aurretik ezarritako helburu finkorik, ideia da auzoan zehar topatzen dugun jende eta kolektiboekin eraikitzen joatea, eta auzotar izan gabe ere, beren bizi eta lan esperientziak eskaini nahi dituzten pertsonekin batera egitea.

Denok ditugu gure bizitzari buruzko oroitzapenak, eta horietako asko auzoarekin lotuta egoten dira. Gure proposamena da oroitzapen horiek ez izatea memoria hutsa, baizik eta, areago, baliagarriak izatea auzoko bizitza eraikitzen segitzeko; orainaz eta etorkizunaz hitz egiteaz gain, iraganean bilatzen dira oraina eta geroa kolektiboki eraikitzen lagunduko diguten moduak, eguneroko espazio eta denborak dinamizatzeko eta nahi dugun bizitza bizitzeko; auzoko bizikidetzak, funtsean, esan nahi du gure inguruan dagoen jendearekiko indiferente ez izatea eta komunitateko kide aktibotzat jotzea.

Horretarako, auzoko pertsona eta kolektiboekin elkartzen hasi gara, lehen elkarrizketak egin ditugu, eta eguneroko bizitzako harreman-moduak hobeto ulertzeko, auzoko espazio desberdinetan ibili gara, une desberdinetan.
Gure asmoa da bai banakako, bai taldekako elkarrizketak egitea, eta eraikitze prozesu kolektiboan nahi duten auzotar guztien ahotsak jasotzen saiatuko gara, auzoko historiari buruzko tailerrak antolatuko ditugu, edo argazkiak eta bestelako material adierazgarriak biltzeko topaketa txikiak...

Hau da, auzoari buruzko material batzuk eraikitzea, geure historiaren eraikitze kolektiboaren fruitu eta prozesu osoa kolektiboki eraikiz, eta sortutako materialak, era berean, baliagarriak izatea elkarteetan eta hezkuntza-guneetan, eguneroko espazio eta denboretan, auzoaren iraganari, orainari eta geroari buruzko eztabaida berriak eragiteko, etnia, adin, genero, klase sozial eta lan-kultura desberdinetako jendearen artean bizikidetza dinamizatzeko lagungarri gisa.

Sortuko diren materialak auzoko edozein pertsonarentzat eskuragarriak eta maneiagarriak izango dira, horregatik askotariko adierazpideak erabiliko dira eta Creative Commons lizentziapean egongo dira (hau da, jende guztiak doan eta aske erabili ahal izateko moduan).

PARTE HARTU NAHI DUZU? BEGIRA NOLA!

Modu askotara har dezakezu parte, zeuk erabakitzen duzunaren arabera, edo duzun denboraren arabera... Ez da beharrezkoa auzoko kontuetan "aditu" izatea, ezta zure familia osoa "betidanik" auzoan bizi izana ere, edo adin jakin bat edukitzea. Auzoko jende guztiak du zer esana, ze bere eguneroko bizitza eginez ari da auzoa eraikitzen eta bizitzen.

Hauek dira parte hartzeko aukera desberdinak (seguruenik modu berriak zabaltzen joango dira prozesuan zehar, jende gehiagok parte hartuz sormena kolektiboagoa denean):
  • Banakako elkarrizketa batean parte hartzea: auzoan duzun bizitza kontatzea, edo auzoari buruz dakizkizun gauzak azaltzea, zuk nahi duzun modura, zuk nahi duzunari buruz, nahi duzun bezala.
  • Kolektibo batean parte hartzen baduzu, kolektibo horren inguruko taldekako elkarrizketan parte hartzea.
  • Auzoari lotutako argazkiak, marrazkiak, artisau-lanak, abestiak, istorioak... konpartitzea.
  • Tailerretan parte hartzea: testuak erredaktatzeko tailerrak, debate-tailerrak, auzoko ahozko historien materialak sortzeko tailerrak...
  • Historiak debatitzea eta partekatzea zure eguneroko espazioetan
  • Nahi izanez gero, zuk zeuk egitea entrebistak ezagutzen duzun jendeari.
  • Elkartzeko lekuak eskaintzea, topaketak erraztea, antolatzea
  • Proiektu hau zabaltzea (ahoz aho, edo eskura dituzun teknologiak erabiliz)
  • Informazioa gune digitaletara igotzea
  • Irratsaioak, telebista saioak, muralak eraikitzea edo historiak komunikatzeko beste modu batzuk
Harremanetarako, eposta honetara idatz dezakezu: ilusionistasozialak@gmail.com edo proiektuko koordinatzailearekin harremanetan jarri zuzenean (Ainhoa Ezeiza) telefonoz edo watxap bidez: 635754847

PROIEKTUKO BALIABIDEAK

Proiektu hau abiatzeko ez dugu dirulaguntzarik eskatu, ezta babeslerik ere; ez dugu inolako erakunderen menpe lan egin nahi auzoan lan egiteko, proiektua elkarrekin eraiki ahal izateko, auzoko jendearekin batera erabakitzen dugun moduan.

Hauek dira uneotan ditugun baliabideak:
  • Unibertsitate publikoko irakasle-ikertzaileok ikerketarako kontratuz eskaini behar ditugun orduak (lan-sari publikoaren bidez dagoeneko ordainduta daudenak).
  • Gradu eta doktoretzako bi ikaslek ikerlanari eskaini behar dioten orduak.
  • UNILCO-espacio nómada elkarteko ikertzaile baten ordu boluntarioak, diru-saririk jasotzen ez duena.
  • Ilusionista Sozialen Kolektiboak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eskaintzen dituen webguneak.
  • Ilusionista Sozialen Mintegiak (ISM-UPV/EHU) eskaintzen dituen grabazioak egiteko materialak (grabagailuak, bideo-kamerak) eta eskaner eramangarri bat.
  • Euskal Herriko Unibertsitateko bilera eta topaketetarako lekuak.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Industria Altzan eta inguruan

Errementeri zaharra. Marrazkia tamaina handian deskargatu. XIX. mendean aldaketa handiak gertatu ziren gizartean. Nekazaritzak, artisautzak eta ontzigintzak lehentasuna galdu eta industrializazio masiboa gailendu zen; industria-iraultza deitu zitzaion garai honi. Lege berriak egin eta errepideak, burdinbideak, banketxeak, garraio eta industria berri asko sortu ziren. Lantegi handi hauek aurrera ateratzeko, esku lan asko behar zuten. Horregatik, inguruetan bizi ziren nekazari eta artisau askok industrian lan egitera pasatzeko erabakia hartu zuten, eta beste askorentzat aukera bakarra izan zen, beste lanik ez zegoelarik. Garai honek migrazio handiak eragin zituen. Landa-ingurutik hirirako migrazioa oso traumatikoa izan zen jendea askorentzat; nekazaritza-lana ere oso gogorra zen, baina hiriak naturarekin haustea eta kutsadura handiko inguruan bizitzea eragin zien. Geroago, XX. mendean batez ere, industriarik gabeko urrunagoko beste lurralde batzuetatik ere etortzen hasi ziren asko e...

Altzako ahozko historien ikas-materialak 2: Gabonak Altzan

Bigarren ikas-unitatea dakartzagu, zertaz eta... Gabonen inguruan, ezin bestela izan data honetan! Unitate honen erronka nagusia, agenda edo ekitaldi bati buruzko testu bat idaztea da, egunkarian argitaratzeko modukoa, edo webgunean. Agendako ekitaldi hori benetakoa izan daiteke edo asmatua. Erronkarekin batera, Gabonak Altzan nola pasa izan diren azalduko dizugu, altzatarrei egindako elkarrizketetatik hartutako bizipenak hartuta. Horrez gain, Gabonetako abestien inguruan gehiago jakiteko aukera izango duzu, baita marrazki-lehiaketa batean parte hartzeko ere! Espero dugu oso ondo pasatzea material hauen aitzakiaz! Gabonak Altzan: ikas-materialak Gogoratu: ikas-material hauen helburua da guk dakigunetik abiatuz beste pertsona batzuekin ideiak, proposamenak, sentipenak, gertaerak... partekatzea, dakiguna balioesteko eta besteekin batera ikasteko Hona hemen unitatearen ikuspegi orokorra:

Migrazioak Altzan

Immigranteak Herrerara iristen. Marrazkia tamaina handian deskargatu Altzan, beste leku askotan bezala, migrazio mugimenduak egon dira historian zehar, bai Altzako jendea beste leku batzuetara joan delako eta baita ere beste leku batzuetako jendea etorri delako hona. Altzako ekonomiaren oinarria urte luzez baserria izan denez, familia ugaritu ahala beste bizibide batzuk bilatu behar izaten zituzten baserritik kanpo: beste baserri batzuetan bilatzen zuten lana, edo zerbitzari zihoazen, edo fraide edo moja sartzen ziren, edo Ameriketara zihoazen... Arrazoi politikoengatik ere joan behar izan dute: karlistadetan (Altzan garrantzi handia izan zuten guda hauek), gerra zibilean, frankismoan... garai hauetan jendeak bere bizitokia utzi eta urrundu behar izan zuen. Altzatarrekin izan ditugun elkarrizketetan, hainbatetan topatu gara Altzara 60. hamarkadan iritsi zen jendearekin. Garai hartan jende asko eta asko etorri zen, bai Gipuzkoako beste leku batzuetatik eta bai penintsulako lek...