Saltatu eta joan eduki nagusira

Industria Altzan eta inguruan

Errementeri zaharra. Marrazkia tamaina handian deskargatu.


XIX. mendean aldaketa handiak gertatu ziren gizartean. Nekazaritzak, artisautzak eta ontzigintzak lehentasuna galdu eta industrializazio masiboa gailendu zen; industria-iraultza deitu zitzaion garai honi. Lege berriak egin eta errepideak, burdinbideak, banketxeak, garraio eta industria berri asko sortu ziren.

Lantegi handi hauek aurrera ateratzeko, esku lan asko behar zuten. Horregatik, inguruetan bizi ziren nekazari eta artisau askok industrian lan egitera pasatzeko erabakia hartu zuten, eta beste askorentzat aukera bakarra izan zen, beste lanik ez zegoelarik.

Garai honek migrazio handiak eragin zituen. Landa-ingurutik hirirako migrazioa oso traumatikoa izan zen jendea askorentzat; nekazaritza-lana ere oso gogorra zen, baina hiriak naturarekin haustea eta kutsadura handiko inguruan bizitzea eragin zien.

Geroago, XX. mendean batez ere, industriarik gabeko urrunagoko beste lurralde batzuetatik ere etortzen hasi ziren asko eta asko, pobrezia gainditu nahian, eta hori talka bikoitza izan zen, landa uzteaz gain, ohitura, hizkuntza, bizimodu, eguraldi desberdineko lekuetara iristen zirelako. 1910ean, Gipuzkoatik kanpo jaiotako populazioa % 16koa zen, eta 1970ean, aldiz, % 35.

Altzatarrek kontatu digutenez, etorri zirenean aurkitu zituzten lan baldintzak ez ziren egokienak: oso ordutegi luzeak, lan gogorrak, soldata eskasa… Industria batzuetan, emakumeek gutxiago kobratzen zuten gizonek baino, jatorriaren arabera ere soldata desberdina zen, edo jabeek edozein unetan erabaki zezaketen soldata txikiagoa ematea, adibidez protestarik eginez gero. Hala ere, bertan lan egiteko prest zeuden hilabetero soldata bat jasoko zutelako eta bizileku berrian egoera berdinean zeuden beste familiekin etxea konpartitzeko dirua iristen zitzaielako.

Hauek dira Altza inguruan pisu handia izan zuten industrietako batzuk: Nerekan, Luzuriaga, Ramón Vizcaíno, Contadores, Herrerako portzelana fabrika, Molinaoko petrolio fabrika, irin fabrika...

Industria hauetako askotan ordutegia oso luzea zen, 8 ordu baino gehiagokoa. Horretaz gain, diru gehixeago irabazteko ordu gehigarriak egiten zituzten edo bi lekutan lan egiten zuten. Horrela, altzatar askok lanean pasatzen zuten egun osoa mantenua irabazi ahal izateko.

Industrian lan egiteari zegokionez, ezberdintasun handiak zeuden gizon eta emakumeen artean. Lantegietan lan egiten zuten emakume gehienak ezkontzerakoan kaleratzen zituzten. Horregatik, familia aurrera ateratzeko dirua behar zuten emakume ezkonduek bestelako lanbideak bilatu behar izaten zituzten, hala nola, emakume eta gizon aberatsen etxe edo arropa garbiketa, dendetan laguntzea, edo etxean jostun lana egitea eta gero lan hori oihalgintza fabrika edo tailerrei edo arropa-dendei saltzea.

Haurrek ere fabriketan lan egiten zuten. Datu zehatz gutxi ditugu, baina adibidez Errenterian (“Manchester txikia” deitzen zitzaion garai hartan, hainbeste fabrika edukitzeagatik), XX. mendearen hasieran, fabriketako langileen % 12 baino gehixeago 16 urtetik beherakoak ziren, neskak eta mutilak, eta bazegoen errosario-fabrika bat zeinetan langileen erdia baino gehiago 16 urtetik beherakoak ziren. Langile haur-gazteei oso gutxi ordaintzen zieten, “aprendiz” kategoria zutelako.

Poliki-poliki, langileak antolatzen joan ziren beren lan baldintzak hobetzeko, hasieran bat-batean eta geroago sindikatuetan antolatuz. Protestak eta grebak egiten zituzten langile bat bidegabeki kaleratzen zutenean, edo istripu larri bat gertatzen zenean, edo soldata igoerak eskatzeko. Haurren lanaren aurkako legeak ezartzen hasi ziren eta 1977az geroztik, gutxienez 16 urte eduki behar dira lan egiten hasteko, haur eta gazteek eskolan urte gehiago pasatzeko.

 
Hori da hainbat altzatarrek kontatu digutena. Eta zure kasuan, familiakide edo ezagunen batek industrian lan egiten al du? Fabrikek nolako kutsadura eragin dute bizi zaren inguruan?

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Altzako baserriak

Garbera-goia baserria. Marrazkia tamaina handian deskargatu Baserriak ez dira bizilekuak soilik. Berez, landa-inguruko lan-unitate osoak dira eta lurrak, abereak eta etxebizitza bateratzen dituzte. Euskal Herriko eremu geografiko askotan finkatuak zeuden eta Altzan ere, 600 urtez baserri ugari egon dira. Eraikina harriz eta egurrez egina zegoen gehienetan, eta nekazaritza-lurrak eraikinaren inguruan zeudenez, jendeari isolamendu sentsazioa ematen zion, baserri batetik bestera joateko nahikotxo ibili behar izaten zelako. Hori kontatu digute hainbat altzatarrek. Baserriaren eraikinak bi solairu izaten zituen. Behean sukaldea eta ikuilua zeuden eta goian, berriz, logelak eta biltegia. Sukaldea zen leku-rik garrantzitsuena, bertan elkartzen baitziren etxebizi-tzako guztiak familia-bizitza egiteko. Baserrietan normalean familia kide asko bizi ziren, 13 edo 14 pertsona gutxi gorabehera. Bikote baten seme-alabak ezkontzen zirenean, baserrian bertan bizitzen gelditzen ziren,...

Altzako ahozko historiekin sortutako ikas-materialak

Poliki-poliki aurrera goaz, eta azken hilabeteotan Altzan gutxiago egoterik izan badugu ere (itxialdiak direla eta), denbora hau baliatu dugu elkarrizketetatik jasotako informazioarekin hainbat ikas-material digital sortzeko. Oraindik proba-moduan daude ("pilotajean"), baina lehen berrikusketa amaitu ahala blog honetan argitaratzen hasiko gara. Ikas-materialen diseinua xumea da eta curriculumean txertatzeko modua izateko pentsatu dugu. Hala ere, ez da eskolan soilik erabil daitekeen material bat. Zure jakin-mina asetzeko ere erabil dezakezu, edo euskara lantzeko, helduen hezkuntzan eta irakaskuntza ez formalean... Unitate bakoitzak gai bat du eta erronka nagusi bat, zure arreta nagusia zeregin batean jartzeko. Erronkarekin batera, hainbat ataza ikusiko dituzu, gaian murgiltzeko, hainbat altzatarren ahotsak entzun eta bideoak ikusteko, gai zehatzen batean sakontzeko... Zeure erara erabil dezakezu materiala. Unitate bakoitzaren amaieran, nork bere burua ebaluatzeko tresna txiki...

Alardea Altzan

Alardea Altzan. Marrazkia tamaina handian deskargatu. Alarde hitza arabierazko العرض (al-ˁarḍ) hitzetik dator, eta "erakustea" hitzez itzul liteke. Euskal Herrian, bi eginkizun aipatzeko erabili izan da: batetik, Antzinako Erregimeneko armadunen desfile militarrak; bestetik, armadunen desfile folklorikoak, formalki erakustaldi militarren antza zutenak. Gaur egun, alardeak Euskal Herriko herri batzuetan egiten dira, jai giroan. Ezaugarri nagusia da gudari uniformedunez jantzitako pertsonek osatzen dutela, eta kaleetan zehar desfilatzen dutela. Alardearen inguruan hitz egiten dugunean, Irungo eta Hondarribiko alardeak etortzen zaizkigu burura. Hala ere, Altzan ere alardea ospatzen zen, nahiz eta desfile militarra zen. Foruek indarrean zirauten bitartean, ospakizun hauek ezinbestekoak ziren. Altzako alardea ospatzearen zentzua ulertzea erraza da: Lurralde Historikoen babesa biztanleen esku zegoen, ez zegoen babes indar profesionalik. Beraz, biztanleek beraien etxeak eta prob...