Saltatu eta joan eduki nagusira

Altzako komunikabideak

Postaria Santa Barbara auzunean lokatzean ez zikintzeko ahaleginak egiten (1960-1970). Marrazkia tamaina handian deskargatu.


Auzotik kanpo gertatzen ziren albisteak jakiteko, familiako kideekin harremanetan jartzeko, medikuari deitzeko edo lagunekin geratzeko komunikabideak asko aldatu dira azken urteetan, batez ere interneten etengabe komunikatuta dauden telefono mugikorrak asmatu zirenetik.

Lehen, edozein informazio eskuratzeko, liburuetara jo behar zen. Liburutegiak batez ere XX. mendearen hasieran hasi ziren jendearentzat zabaltzen, eta hasieran asko kostatzen zen interesatzen zitzaizun gaiari loturiko liburu zehatza aurkitzea. Horretaz gain, beharrezkoa zenuen informazioa lortzeko denbora asko behar zen: liburutegira joan, liburua hautatu, hura irakurri eta beharrezkoa zenuen informazioa atera. Liburutegietan orain bilaketa-sistema informatikoak daude, baina orain dela 30 bat urtera arte, liburuak eskuz betetako fitxetan bilatu behar izaten zen eta liburuzainari eskatu. Hala ere, prozesua oso aberasgarria eta entretenigarria zela kontatu digute hainbat altzatarrek.

Eguneko albiste garrantzitsuenei dagokienez, informazio iturri nagusia bizilagunek kontatzen zutena izaten zen. Horretaz gain, irratiaren bidez ezagutzen diren munduko berriak, eta egunkaria erosteko dirua iristen bazitzaizun, inguruko gertakari garrantzitsuenak irakurtzeko aukera zenuen; egunkaria ozenki irakurtzea ere oso ohikoa zen, horrela, albisteak jakiteaz gain, elkarren artean komentatzen ziren. XX. mendeko 50. hamarkadaren amaiera aldera lehen telebistak iristen hasi ziren, baina familia gutxi batzuek zuten telebista etxean izateko aukera. Telebistak zuri-beltzean ziren eta hasieran kanal bakarra zegoen, 1966an bigarren katea sortu zen arte, TVE-2 edo UHF izenez ezaguna. Bizilagunen batek etxean telebista izanez gero, bizilagunak bere etxera hurbiltzen ziren telebista apur bat ikustera. Beraz, telebista bizikidetzan ikusten zen.

Duela gutxiago, 1991n, Altza Irrati Tailerrak sortu ziren Casares kultur etxean, irratia nola egiten zen ikasteko eta auzoko eta inguruko albisteak kontatzeaz gain, altzatarren intereseko gaiak irrati bidez zabaltzeko. 100 bat altzatarrek hartu izan dute parte, programak sortzen eta ikasten. Ondoren, Casares Irratia deitu zitzaion, eta duela oso gutxi, 2019ko urritik aurrera, Donostia Kultura Irratia da. Azken aldaketa honen bidez, irratsaio gehiago sortzen dira baina, aldi berean, auzo-izaeratik hirirako jauzia egin du, eta kultura edukiak dira nagusi. 107.4 FM frekuentzian entzuten da edo bere webgunean.

Komunikazio pertsonalak ere asko aldatu dira azken 50 urteetan, nahiz eta modu batzuk ez diren modaz pasa! Altzan norbaitekin geratu nahi bazenuen, bi era nagusi zeuden: edo aldez aurretik ordua eta lekua adostu, edo, besterik gabe, kalera irten eta lagunekin topatu. Haur eta gazte gehienak plazan edo jolas-lekuetan elkartzen ziren, eta helduak, berriz, auzoko dendetan, kalean, tabernetan, plazan, garbitokian, eta duela gutxiago, kiroldegian, kultur etxean...

Duela 50 urte, gurasoek beren seme-alabak non zeuden jakin nahi bazuten, kalean zeuden bizilagunei galdetzea zen errazena, eta hauek auzoko haurrak non zebiltzan jakiten zuten gehienetan, erne ibiltzen zirelako haurrak babesteko. Altzako bizilagunen artean zaintza harreman handiak zeuden.

Garai hartan hasi zen jendea etxean telefonoa edukitzen, baina lehenago oso gutxik zuten eta Altzatik kanpoko pertsona batekin hitz egiteko, ezagunei eskatzen zitzaien telefonoz deitzea, edo taberna batean baldin bazegoen, batzuetan tabernariak berak hartzen zuen deia eta mezua jasotzen zuen. Medikuari deitzeko ere, askotan telefonoa zeukan bizilagunaren etxera joaten ziren.

Presazkoa ez bazen, orduan gutunak ziren komunikabide arrunta eta errazena. Erraza zen, baina itxaron behar izaten zen. Gutuna Espainia barneko lurralde batera iritsi behar bazen, 3-7 egun behar zituen, eta gero, erantzuna jasotzeko, berriro itxaron behar zen, orduan, azkenean, 15 egunetan jasotzen zen erantzuna.

Imagina ezazu nola izango litzatekeen zure bizitza telefonorik gabe. Idatzi eta bidali al duzu inoiz gutunik? Irratia entzutea gustuko duzu? Hartu duzu inoiz parte irratsaioren batean?

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Altzako baserriak

Garbera-goia baserria. Marrazkia tamaina handian deskargatu Baserriak ez dira bizilekuak soilik. Berez, landa-inguruko lan-unitate osoak dira eta lurrak, abereak eta etxebizitza bateratzen dituzte. Euskal Herriko eremu geografiko askotan finkatuak zeuden eta Altzan ere, 600 urtez baserri ugari egon dira. Eraikina harriz eta egurrez egina zegoen gehienetan, eta nekazaritza-lurrak eraikinaren inguruan zeudenez, jendeari isolamendu sentsazioa ematen zion, baserri batetik bestera joateko nahikotxo ibili behar izaten zelako. Hori kontatu digute hainbat altzatarrek. Baserriaren eraikinak bi solairu izaten zituen. Behean sukaldea eta ikuilua zeuden eta goian, berriz, logelak eta biltegia. Sukaldea zen leku-rik garrantzitsuena, bertan elkartzen baitziren etxebizi-tzako guztiak familia-bizitza egiteko. Baserrietan normalean familia kide asko bizi ziren, 13 edo 14 pertsona gutxi gorabehera. Bikote baten seme-alabak ezkontzen zirenean, baserrian bertan bizitzen gelditzen ziren,...

Altzako ahozko historien ikas-materialak 2: Gabonak Altzan

Bigarren ikas-unitatea dakartzagu, zertaz eta... Gabonen inguruan, ezin bestela izan data honetan! Unitate honen erronka nagusia, agenda edo ekitaldi bati buruzko testu bat idaztea da, egunkarian argitaratzeko modukoa, edo webgunean. Agendako ekitaldi hori benetakoa izan daiteke edo asmatua. Erronkarekin batera, Gabonak Altzan nola pasa izan diren azalduko dizugu, altzatarrei egindako elkarrizketetatik hartutako bizipenak hartuta. Horrez gain, Gabonetako abestien inguruan gehiago jakiteko aukera izango duzu, baita marrazki-lehiaketa batean parte hartzeko ere! Espero dugu oso ondo pasatzea material hauen aitzakiaz! Gabonak Altzan: ikas-materialak Gogoratu: ikas-material hauen helburua da guk dakigunetik abiatuz beste pertsona batzuekin ideiak, proposamenak, sentipenak, gertaerak... partekatzea, dakiguna balioesteko eta besteekin batera ikasteko Hona hemen unitatearen ikuspegi orokorra:

Altzako ahozko historiekin sortutako ikas-materialak

Poliki-poliki aurrera goaz, eta azken hilabeteotan Altzan gutxiago egoterik izan badugu ere (itxialdiak direla eta), denbora hau baliatu dugu elkarrizketetatik jasotako informazioarekin hainbat ikas-material digital sortzeko. Oraindik proba-moduan daude ("pilotajean"), baina lehen berrikusketa amaitu ahala blog honetan argitaratzen hasiko gara. Ikas-materialen diseinua xumea da eta curriculumean txertatzeko modua izateko pentsatu dugu. Hala ere, ez da eskolan soilik erabil daitekeen material bat. Zure jakin-mina asetzeko ere erabil dezakezu, edo euskara lantzeko, helduen hezkuntzan eta irakaskuntza ez formalean... Unitate bakoitzak gai bat du eta erronka nagusi bat, zure arreta nagusia zeregin batean jartzeko. Erronkarekin batera, hainbat ataza ikusiko dituzu, gaian murgiltzeko, hainbat altzatarren ahotsak entzun eta bideoak ikusteko, gai zehatzen batean sakontzeko... Zeure erara erabil dezakezu materiala. Unitate bakoitzaren amaieran, nork bere burua ebaluatzeko tresna txiki...