![]() |
Idi-dema San Martzial jaietan (1967). Marrazkia tamaina handian deskargatu. |
Altzako herritarrentzat festek garrantzi handia izan dute betidanik. Festak auzokideekin elkartzeko, denbora pasatzeko, jolasteko eta lehiatzeko aukera bikaina dira, horregatik, askotan, Altzako festez gain, inguruko auzo eta herrietako festetara joaten zirela kontatu digute altzatarrek. Festek inguruko pertsonak ezagutzeko balio zuten eta bikote asko sortzen ziren, neskek eta mutilek elkarrekin dantzatzeko eta elkar ezagutzeko aukera aparta eskaintzen zutelako.
Altzan eta inguruan festa asko ospatzen dira, hala nola, Jolastokietako jaiak, Errotetakoak, Oletakoak, Larratxokoak, Santa Barbarakoak, Altza kaskokoak, Buenavistakoak, Herrerakoak… Eta askotariko jarduerak biltzen dituzte, Estibaus webgunean oso polit azaltzen duten bezala: boloak, toka, botea, igeljokoa, xakea, musa, kirolak, herri-kirolak, aikido eta karate erakustaldiak, dardoak, txokolatadak, apar-dutxak, puzgarriak, marrazkiak, dultzainak, danborradak, trikitrilariak, rock kontzertuak, koroak, barrikoteak, hamaiketakoak, sardinadak, txupinazoak, trakak, suziriak, tonbolak… Oso ugariak dira jaiak Altza eta inguruan, gehienak maiatz eta urri bitartean, neguko jaiak aparte utzita (gabonak, danborrada, inauteriak…).
Hala ere, altzatar askorentzat San Martzialak izan dira garrantzitsuenak. Bertan, aspaldidanik, idi-demak, musika, ttun-ttuna (esku batez txistua eta besteaz danbolina), bertso-lehiaketak, herri-bazkariak eta beste motatako jarduerak egiten ziren. Aurrerago, zezensuzkoa, erraldoiak eta buruhandiak ere txertatu ziren auzoko festetan.
Jarduera deigarrien artean, “donibane-zuhaitz” edo “kukaña” izenez ezagutzen zen ohitura zegoen. San Martzial festetan, zuhaitz altu bat mozten zen eta uretan azala kentzen zitzaion, kanpotik guztiz leuna utzi arte. Zuhaitza, horrela, oso irristakorra zen. Plaza erdira eraman eta zutik jartzen zuten, eta zuhaitzaren goiko partean sari bat jartzen zen. Zuhaitzaren puntaraino iristen zen lehenak eramaten zuen saria.
Arratsalde-gauean, dantza garaia zen eta altzatar gehienak musikaren erritmora hurbiltzen ziren dantzara. Kontatu digutenez, nesken kasuan, ahizparik helduena etxera bueltatzen zenean, gauerdia baino lehen, besteak ere bere atzetik joan behar ziren. Neskaren bat etxera goiz ez bazen bueltatzen, ohikoena gizonezko baten konpainian bueltatzea zen, gauean bakarrik ez ibiltzeko. Gizonezkoek, berriz, askatasun handiagoa izaten zuten.
Hauek dira auzoko eta inguruko festetako batzuk eta hauen data orientagarriak:
· Maiatzak 9 - 13: Txanpontxo Jaiak (Bidebieta)
· Ekainak 6 - 10: Larratxoko Jaiak
· Ekainak 13 - 23: Herrerako Jaiak
· Ekainak 20-24: Oletako jaiak
· Ekaina-uztaila 22 - 24 / 28 - 30 / 1 - 2: Altzako San Martzial Jaiak
· Irailak 11 - 15: Jolastokietako Jaiak
fetxak aski ezagunak,
altzatar denok barne agendan
markaturik ditugunak,
bost egunetan argitzen dira
urte osoko ilunak,
adiskide hain urrunak,
festak elkartzen ditunak;
ta festa hauek zertako diren
jakin zazue lagunak,
herri bizi bat hil nahi ez dula
demostratzeko egunak.
Bost egunetan herri kaskoak
badauka halako xarma,
festa giroa somatzen baita
kale bakarrean barna,
ta san martzialen bezperan beti
tanborren tarrapatana,
hunkiturik herri dana,
banderen igoerana,
udaletxean gure ikurriña,
Altza ta Donostiana,
ta azken hau da azkarren igo
ta azkarren jesten dana.
Santa ixabelen egunarekin
iritsiz bukaerara,
idi probak ta bertsolariak
etortzen dira bertara,
buruhandiak, eta berbena
dantzan pasatuaz gaba,
aukera polita bada,
etorri zaitez Altzara,
auzo bat dela entzun ezkero
hau erantzun beharra da!
herri bateko festa ez bada
orduan zer ote da ba?
Iturria: Estibaus webgunea (2002/06/01)
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina