Saltatu eta joan eduki nagusira

Altzako dendak

Rosa Mariren janari-denda. Marrazkia tamaina handian deskargatu.

 

Auzoan aspaldidanik denda asko egon dira: okindegiak, fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, bideoklubak, arropa-dendak, kioskoak eta abar.

Gaur egun, ordea, ez daude orain dela 20 urte adina denda. Denda txiki asko itxi dira supermerkatu eta hipermerkatuen ezarpenarekin. Supermerkatu eta hipermerkatu kateek jende asko liluratu dute, produktu ugari eta prezio onean eskaintzeagatik, eta kontsumoaren lilura horretan, denda txikiak baztertuak izan dira, denda hauek auzoan eragiten duten bizitza eta bertan sortzen diren harreman baliotsuak gutxietsita. Galdu direnean konturatu da jendea ze garrantzitsuak ziren auzoaren bizitzan. Gainera, supermerkatu eta hipermerkatuek autoaren erabilera bultzatu dute eta denda txikiak itxi ahala, prezioak igotzen joan dira.

Nahiz eta denda txiki asko itxi dituzten, Altzako bizilagun askok oraindik gustuko dute geratzen diren denda txikietan erostea, tratua zuzena eta konfiantzazkoa delako. Gainera, migrazio berriei esker, auzoko komertzio txikia berpizten ari da eta hori auzotar askorentzat pozgarria izan da.

Gure aiton-amonen gazte garaian, Altzaren merkataritzaren oinarria denda txikiak eta goizetan plazetan jartzen ziren merkatuak ziren. Garai hartan, ekonomia ez zen gaur ezagutzen dugun bezalakoa eta diruaren erabilera desberdina zen, asteka, ez hilabeteka. Fabrikan ere asteka ematen zizuten dirua, sobre batean.

Denda txikietako langile edo jabeek auzoko biztanleak ezagutzen zituzten. Harreman horiek elkar zaintzak gertatzea eragiten zuen eta askotan, dendetako bezeroek janaria erosteko dirua ez zutenean, aukera ematen zieten dirua irabazterakoan ordaintzeko. Koaderno batean apuntatzen zuten zorra eta jendeak pixkanaka kitatzen zuen zorra, ahal zuenean. Era horretan, nahiz eta dirurik ez izan, bizirauteko beharrezkoa zuten janaria etxera eramaten zuten.

Gainera, gerra garaian eta gerra ondoren, hainbat produktu lortzea oso zaila zen errazionamendua zegoelako. Hala ere, Altzan bazeuden hainbat denda ezkutuan edo estraperloan ezagunei oinarrizko produktu horiek prezio onean saltzen zizkietenak, hala nola, olioa, irina edo azukrea. Garai hartan esaten zen askoz hobea zela dendetako langileen laguna edukitzea diru asko izatea baino, dendetan ezezagun aberats bat izanda ere ez zenukeelako ezer lortuko.

Gaur egun ere, denda txiki batzuetan bizilagunen artean laguntzeko moduak izaten dituzte.

 
Hori da hainbat altzatarrek kontatu digutena. Eta zu, joaten al zara normalean denda txikietara? Ze gogorapen on dituzu halako dendei lotuta? Baduzu denda kuttunik?

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Altzako baserriak

Garbera-goia baserria. Marrazkia tamaina handian deskargatu Baserriak ez dira bizilekuak soilik. Berez, landa-inguruko lan-unitate osoak dira eta lurrak, abereak eta etxebizitza bateratzen dituzte. Euskal Herriko eremu geografiko askotan finkatuak zeuden eta Altzan ere, 600 urtez baserri ugari egon dira. Eraikina harriz eta egurrez egina zegoen gehienetan, eta nekazaritza-lurrak eraikinaren inguruan zeudenez, jendeari isolamendu sentsazioa ematen zion, baserri batetik bestera joateko nahikotxo ibili behar izaten zelako. Hori kontatu digute hainbat altzatarrek. Baserriaren eraikinak bi solairu izaten zituen. Behean sukaldea eta ikuilua zeuden eta goian, berriz, logelak eta biltegia. Sukaldea zen leku-rik garrantzitsuena, bertan elkartzen baitziren etxebizi-tzako guztiak familia-bizitza egiteko. Baserrietan normalean familia kide asko bizi ziren, 13 edo 14 pertsona gutxi gorabehera. Bikote baten seme-alabak ezkontzen zirenean, baserrian bertan bizitzen gelditzen ziren,...

Altzako ahozko historiekin sortutako ikas-materialak

Poliki-poliki aurrera goaz, eta azken hilabeteotan Altzan gutxiago egoterik izan badugu ere (itxialdiak direla eta), denbora hau baliatu dugu elkarrizketetatik jasotako informazioarekin hainbat ikas-material digital sortzeko. Oraindik proba-moduan daude ("pilotajean"), baina lehen berrikusketa amaitu ahala blog honetan argitaratzen hasiko gara. Ikas-materialen diseinua xumea da eta curriculumean txertatzeko modua izateko pentsatu dugu. Hala ere, ez da eskolan soilik erabil daitekeen material bat. Zure jakin-mina asetzeko ere erabil dezakezu, edo euskara lantzeko, helduen hezkuntzan eta irakaskuntza ez formalean... Unitate bakoitzak gai bat du eta erronka nagusi bat, zure arreta nagusia zeregin batean jartzeko. Erronkarekin batera, hainbat ataza ikusiko dituzu, gaian murgiltzeko, hainbat altzatarren ahotsak entzun eta bideoak ikusteko, gai zehatzen batean sakontzeko... Zeure erara erabil dezakezu materiala. Unitate bakoitzaren amaieran, nork bere burua ebaluatzeko tresna txiki...

Alardea Altzan

Alardea Altzan. Marrazkia tamaina handian deskargatu. Alarde hitza arabierazko العرض (al-ˁarḍ) hitzetik dator, eta "erakustea" hitzez itzul liteke. Euskal Herrian, bi eginkizun aipatzeko erabili izan da: batetik, Antzinako Erregimeneko armadunen desfile militarrak; bestetik, armadunen desfile folklorikoak, formalki erakustaldi militarren antza zutenak. Gaur egun, alardeak Euskal Herriko herri batzuetan egiten dira, jai giroan. Ezaugarri nagusia da gudari uniformedunez jantzitako pertsonek osatzen dutela, eta kaleetan zehar desfilatzen dutela. Alardearen inguruan hitz egiten dugunean, Irungo eta Hondarribiko alardeak etortzen zaizkigu burura. Hala ere, Altzan ere alardea ospatzen zen, nahiz eta desfile militarra zen. Foruek indarrean zirauten bitartean, ospakizun hauek ezinbestekoak ziren. Altzako alardea ospatzearen zentzua ulertzea erraza da: Lurralde Historikoen babesa biztanleen esku zegoen, ez zegoen babes indar profesionalik. Beraz, biztanleek beraien etxeak eta prob...