Saltatu eta joan eduki nagusira

Altzako garbitokia

Herrerako garbitokia (1908). Marrazkia tamaina handian deskargatu


Etxeetan ura izatea eta arropa arraskan edo garbigailuan garbitzea normaltzat hartzen dugu gaur egun, baina orain dela 80 urte Altzako etxe gehienetan ez zegoen ur korronterik eta garbiketa pertsonala, arropa garbiketa eta janaria prestatzeko edo edateko ura beste leku batzuetatik lortu behar zuten.

Altzan hainbat iturri zeuden eta bertan marmitak edo pitxarrak urez bete eta etxeetara eramaten ziren, garbiketa pertsonalerako, janaria prestatzeko, edo edateko ura izateko. Hala ere, arropa garbitzeko adina ur ekartzea oso zaila zen eta ohikoena zen Altzan zeuden garbitokietara joatea, bertan arropa garbitzeko ura izateaz gain, leku handiagoa zegoelako.

Garbitokiak, latsarri izena zutenak, ibaiaren ondoan kokatuta zeuden eta garbitzeko prestatutako egiturak ziren. Normalean emakumeak ziren arropa garbitzera joaten zirenak, eta beren etxeko arropaz gain,  emakume batzuek aberatsen arropa ere garbitzen zuten, euren neskameak baitziren. Batzuetan haurrek ere parte hartzen zuten lan horretan, neskek batez ere.

Altzako kasuan, harri zabal eta zapalak zeuden, bertan arropa zabaldu eta garbitzeko, baina emakume batzuek nahiago zuten  etxetik egurrezko mahaitxo bat eraman eta horren kontra arropak igurtzi harriaren gainean garbitu beharrean. Altza eta inguruko emakume askok Herrerako garbitokian garbitzen zuten arropa, jende pila elkartzen zen bertan!

Arropa garbitu bitartean, aprobetxatzen zuten eguneroko bizitzako kontuak elkarri kontatzeko, kantatzeko eta beren intereseko gaiak lantzeko, horrela gainera pixka bat arintzen zitzaien lan neketsu hau.

Altzako auzokide batzuek kontatu digutenaren arabera, arropa garbi eta bustia saski handietan sartu eta buruan eramaten zuten emakumeek etxe ingururaino. Bertan, bi zuhaitzen artean jarritako harietan zintzilikatu eta zabaltzen zuten garbitutakoa. Garbiketa lana oso luzea eta gogorra zen, neketsua, horregatik arropa ondo zaintzen saiatzen ziren: arropa garbi batek aste osoa iraun behar zuen garbirik normalean. Igandean jartzen zuten arropa garbia normalean, eta haurrek kontu handiz ibili behar zuten astean zehar arropa ez zikintzeko. 
 
Badakizu arropa eskuz garbitzen? Oso garrantzitsua da arropa ondo igurztea, baina are garrantzitsuagoa ahalik eta ur gehien kentzea, arropa estutuz. Ondoren, egoki zabaldu behar da arropa, eta haizea badabil, askoz hobeto. Zer iruditzen zaizu arropa eskuz garbitzeko lana esperimentatzea eta ikastea? Zein itxura dute garbitokiek? Ikertu pixka bat, ea zer deskubritzen duzun!

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Altzako baserriak

Garbera-goia baserria. Marrazkia tamaina handian deskargatu Baserriak ez dira bizilekuak soilik. Berez, landa-inguruko lan-unitate osoak dira eta lurrak, abereak eta etxebizitza bateratzen dituzte. Euskal Herriko eremu geografiko askotan finkatuak zeuden eta Altzan ere, 600 urtez baserri ugari egon dira. Eraikina harriz eta egurrez egina zegoen gehienetan, eta nekazaritza-lurrak eraikinaren inguruan zeudenez, jendeari isolamendu sentsazioa ematen zion, baserri batetik bestera joateko nahikotxo ibili behar izaten zelako. Hori kontatu digute hainbat altzatarrek. Baserriaren eraikinak bi solairu izaten zituen. Behean sukaldea eta ikuilua zeuden eta goian, berriz, logelak eta biltegia. Sukaldea zen leku-rik garrantzitsuena, bertan elkartzen baitziren etxebizi-tzako guztiak familia-bizitza egiteko. Baserrietan normalean familia kide asko bizi ziren, 13 edo 14 pertsona gutxi gorabehera. Bikote baten seme-alabak ezkontzen zirenean, baserrian bertan bizitzen gelditzen ziren,...

Altzako ahozko historien ikas-materialak 2: Gabonak Altzan

Bigarren ikas-unitatea dakartzagu, zertaz eta... Gabonen inguruan, ezin bestela izan data honetan! Unitate honen erronka nagusia, agenda edo ekitaldi bati buruzko testu bat idaztea da, egunkarian argitaratzeko modukoa, edo webgunean. Agendako ekitaldi hori benetakoa izan daiteke edo asmatua. Erronkarekin batera, Gabonak Altzan nola pasa izan diren azalduko dizugu, altzatarrei egindako elkarrizketetatik hartutako bizipenak hartuta. Horrez gain, Gabonetako abestien inguruan gehiago jakiteko aukera izango duzu, baita marrazki-lehiaketa batean parte hartzeko ere! Espero dugu oso ondo pasatzea material hauen aitzakiaz! Gabonak Altzan: ikas-materialak Gogoratu: ikas-material hauen helburua da guk dakigunetik abiatuz beste pertsona batzuekin ideiak, proposamenak, sentipenak, gertaerak... partekatzea, dakiguna balioesteko eta besteekin batera ikasteko Hona hemen unitatearen ikuspegi orokorra:

Industria Altzan eta inguruan

Errementeri zaharra. Marrazkia tamaina handian deskargatu. XIX. mendean aldaketa handiak gertatu ziren gizartean. Nekazaritzak, artisautzak eta ontzigintzak lehentasuna galdu eta industrializazio masiboa gailendu zen; industria-iraultza deitu zitzaion garai honi. Lege berriak egin eta errepideak, burdinbideak, banketxeak, garraio eta industria berri asko sortu ziren. Lantegi handi hauek aurrera ateratzeko, esku lan asko behar zuten. Horregatik, inguruetan bizi ziren nekazari eta artisau askok industrian lan egitera pasatzeko erabakia hartu zuten, eta beste askorentzat aukera bakarra izan zen, beste lanik ez zegoelarik. Garai honek migrazio handiak eragin zituen. Landa-ingurutik hirirako migrazioa oso traumatikoa izan zen jendea askorentzat; nekazaritza-lana ere oso gogorra zen, baina hiriak naturarekin haustea eta kutsadura handiko inguruan bizitzea eragin zien. Geroago, XX. mendean batez ere, industriarik gabeko urrunagoko beste lurralde batzuetatik ere etortzen hasi ziren asko e...