Saltatu eta joan eduki nagusira

Altzako eskolak, orain dela 80 urte

Altzagainiako eskolen ikuspegia (1933). Marrazkia tamaina handian deskargatu


Orain dela 80 urte gutxi gorabehera, aitona-amonen garaian, diktadura garaia zen eta horrek eragin handia izan zuen hezkuntzan. Garai hartako eskolak ez ziren gaur egun ezagutzen ditugun bezalakoak. Enciclopedia izeneko liburu bakar bat zegoen eta bertan biltzen ziren irakasgai ezberdinen oinarrizko ezagutzak.

12 urte bete ondoren ez zen derrigorrezkoa klasera joatea eta adin horretatik aurrera segitzeko aukera zuten ikasleak zorte handikoak ziren. Haurrak 6 edo 7 urterekin hasten ziren eskolara joaten.

Altzako eskolak hiru mailatan banatuta zeuden. Lehenengoan batuketa, kenketa, idazketa eta irakurketaren oinarriak ikasten zituzten. Bigarren mailan, berriz, matematika gehiago, geografia, eta historia pixka bat ere ikasten zuten. Azken mailan, hirugarrenean, mutilak lan munduan sartzeko prestatzen zituzten eta neskak, ostera, etxeko zereginak betetzeko, adibidez josten irakasten zieten.

Neskak eta mutilak banatuta zeuden, gela desberdinetan, eta eta ez ziren inoiz egoten elkarrekin, ez gelan eta ez jolastokian.

Altzako auzokide batzuek kontatu digute ikasle batzuek klasera huts egiten zutela adibidez baratza ereiteko edo uzta jasotzeko garaian. Izan ere, ikasle batzuk baserrietan bizi ziren eta familiari baratzean laguntzea eskolara joatea baino garrantzitsuagoa zela uste zen. Klasera arrazoi horiengatik ez joatea guztiz justifikatuta zegoen, bai gurasoen eta bai irakasleen aldetik.

Gainera, 12 urte egin arte eskolara joatea derrigorrezkoa bazen ere, hainbat ikaskide gelara joaten ez baziren, ez zen asko nabaritzen, normalean 60 ikasle zeudelako gela bakoitzean, eta batzuetan 80 ikasle ere izaten ziren!

Altzatarren oroitzapenen artean, eskolan jasandako zigorrek garrantzi handia dute, batzuek oso gaizki pasa zutelako. Jarrera ezegokiak oso gogorki zigortzen ziren, hitzez edota fisikoki. Zigor gisa, ikasleak makil, erregela, gerriko edo eraztun gogorrekin jotzen zituzten. Hauek ziren beste zigor batzuk: hainbat orduz paretara begira egotea, edo besoak bi alboetara zabaldu eta liburu pisutsuei eustea.

Garai hartako eskolek ez zuten harresirik, horregatik, ikasleak jolasorduan auzora ateratzen ziren jolastera, eta kaleetan, plazetan edo frontoian egoten ziren gelara bueltatzeko ordura arte.
 
Horrela kontatu digute hainbat altzatarrek nolakoa zen eskola orain dela 80 urte. Orain hausnar dezagun pixka bat. Nola kontatuko zenioke beste garai bateko norbaiti zure eskola nolakoa den?

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Altzako baserriak

Garbera-goia baserria. Marrazkia tamaina handian deskargatu Baserriak ez dira bizilekuak soilik. Berez, landa-inguruko lan-unitate osoak dira eta lurrak, abereak eta etxebizitza bateratzen dituzte. Euskal Herriko eremu geografiko askotan finkatuak zeuden eta Altzan ere, 600 urtez baserri ugari egon dira. Eraikina harriz eta egurrez egina zegoen gehienetan, eta nekazaritza-lurrak eraikinaren inguruan zeudenez, jendeari isolamendu sentsazioa ematen zion, baserri batetik bestera joateko nahikotxo ibili behar izaten zelako. Hori kontatu digute hainbat altzatarrek. Baserriaren eraikinak bi solairu izaten zituen. Behean sukaldea eta ikuilua zeuden eta goian, berriz, logelak eta biltegia. Sukaldea zen leku-rik garrantzitsuena, bertan elkartzen baitziren etxebizi-tzako guztiak familia-bizitza egiteko. Baserrietan normalean familia kide asko bizi ziren, 13 edo 14 pertsona gutxi gorabehera. Bikote baten seme-alabak ezkontzen zirenean, baserrian bertan bizitzen gelditzen ziren,...

Altzako ahozko historien ikas-materialak 1: Jolasak Altzan

Materialari oraindik hainbat ukitu eman behar badizkiogu ere, hementxe dator lehen unitatea! Jakin nahi duzu zer kontatu diguten elkarrizketetan Altzako jolasen inguruan? Entzun nahi dituzu bi altzatarren hitzak? Sartu, sartu esteka honetan, eta ezkerretara aurkituko duzun nabigazioa erabiliz, arakatu materiala! Jolasak Altzan: ikas-materialak   Ikas-unitate honen erronka nagusia ikerketa bat egitea da, zure familiakideen eta ingurukoen jolasteko moduak aztertzeko. Horrekin batera, hainbat bideo, irudi eta testu izango dituzu, unitatean zehar bizipen desberdinak entzuteko eta zureak ere zure kideekin partekatzeko. Gogoratu: ikas-material hauen helburua da guk dakigunetik abiatuz beste pertsona batzuekin ideiak, proposamenak, sentipenak, gertaerak... partekatzea, dakiguna balioesteko eta besteekin batera ikasteko   Hona hemen proiektuaren ikuspegi orokorra:

Altzako ahozko historiekin sortutako ikas-materialak

Poliki-poliki aurrera goaz, eta azken hilabeteotan Altzan gutxiago egoterik izan badugu ere (itxialdiak direla eta), denbora hau baliatu dugu elkarrizketetatik jasotako informazioarekin hainbat ikas-material digital sortzeko. Oraindik proba-moduan daude ("pilotajean"), baina lehen berrikusketa amaitu ahala blog honetan argitaratzen hasiko gara. Ikas-materialen diseinua xumea da eta curriculumean txertatzeko modua izateko pentsatu dugu. Hala ere, ez da eskolan soilik erabil daitekeen material bat. Zure jakin-mina asetzeko ere erabil dezakezu, edo euskara lantzeko, helduen hezkuntzan eta irakaskuntza ez formalean... Unitate bakoitzak gai bat du eta erronka nagusi bat, zure arreta nagusia zeregin batean jartzeko. Erronkarekin batera, hainbat ataza ikusiko dituzu, gaian murgiltzeko, hainbat altzatarren ahotsak entzun eta bideoak ikusteko, gai zehatzen batean sakontzeko... Zeure erara erabil dezakezu materiala. Unitate bakoitzaren amaieran, nork bere burua ebaluatzeko tresna txiki...