Saltatu eta joan eduki nagusira

Altzako baratzak

Baratzeko lanetan, atzean Molinao ikusten delarik (1950). Marrazkia tamaina handian deskargatu.


Altzan aspaldidanik lantzen dira lurrak eta gaur egun ere baratza asko gelditzen direla ikus daiteke, nahiz eta lehen zeudenen herena bakarrik izan.

Etxetik gertu baratzak egoteari esker, elikagai naturalak errazago ditugu. Iraganean, eguneroko bizitzan jaten ziren produktuak Altzako bertako baratzetan izaten zituzten, hala nola, patatak, babarrunak, tomateak, tipulak, piperrak, letxugak eta abar. Hala ere, baratza gehienak ez ziren norberak kontsumitzeko soilik, asko familien oinarrizko diru sarbide nagusia ziren.

Askotan, landatutakoaren emaitza Altza eta inguruko plazetan egiten ziren azoketan saltzen zuten eta batzuetan Donostiako erdialdera ere jaisten ziren San Martineko azokan saltzeko. Prezioak finkoak ziren, jendearen aldarrikapenen ondorioz udalak jartzen zituelako, jendeak oinarrizko elikagaiak ordaindu ahal izateko. Beraz, askotan barazkiak lortzeko egin behar zen lan kopuru handia ez zetorren bat salneurri baxuekin. Nolanahi ere, hori zen etxeko ekarpen ekonomiko nagusia eta egunero lan egin behar izaten zuten lurrak bere fruituak emateko.

Altzako nekazariak eguraldiaren menpe bizi ziren. Eguraldia beroegia, hotzegia, euritsuegia... bazen, landatutakoa hondatzeko arriskua zegoen eta horren ondorioz, ezin izango zuten euren elikadurarako eta saltzeko behar adina jakirik izan. Baserritarrek kontatu digute hainbat erritu egiten zituztela beraien lurrak osasuntsu egoteko eta honda-mendi meteorologikoak aldentzeko.

Gainera, tximistek askotan baserri inguruak edo egurrezko baserriak erretzen zituztenez, baserritarrek Altzako parrokoari deitzen zioten tximisten kontrako bedeinkapena egiteko. Bedeinkapena egurrezko gurutze handi batekin egiten zen eta zerbitzu horrengatik parrokoari limosna eman behar izaten zitzaion.

Landatutakoa azkar eta osasuntsu hazteko, oso garrantzitsua zen ilargiari ere erreparatzea. Ilargia ilbeheran zegoenean landatu behar ziren hazi gehienak landareak ondo hazteko. Artoa, berriz, salbuespenetako bat zen eta hobe zen hau ilgoran ereitea. Baserriko jendeak asko begiratzen zion astronomiari!

Baratzetako lurrak lantzeko, pertsonen lan orduez eta indarraz gain, hainbat tresneria erabiltzen zen. Erabiltzen ziren tresnen artean goldea, gurdia, area, laia, alperra, lera... zeuden.

Baratzean lan egiteari esker zein behar asetzen direla uste duzu? Nola lotzen dira baratzeko lana, sinismenak eta jakintza zientifikoak?

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Industria Altzan eta inguruan

Errementeri zaharra. Marrazkia tamaina handian deskargatu. XIX. mendean aldaketa handiak gertatu ziren gizartean. Nekazaritzak, artisautzak eta ontzigintzak lehentasuna galdu eta industrializazio masiboa gailendu zen; industria-iraultza deitu zitzaion garai honi. Lege berriak egin eta errepideak, burdinbideak, banketxeak, garraio eta industria berri asko sortu ziren. Lantegi handi hauek aurrera ateratzeko, esku lan asko behar zuten. Horregatik, inguruetan bizi ziren nekazari eta artisau askok industrian lan egitera pasatzeko erabakia hartu zuten, eta beste askorentzat aukera bakarra izan zen, beste lanik ez zegoelarik. Garai honek migrazio handiak eragin zituen. Landa-ingurutik hirirako migrazioa oso traumatikoa izan zen jendea askorentzat; nekazaritza-lana ere oso gogorra zen, baina hiriak naturarekin haustea eta kutsadura handiko inguruan bizitzea eragin zien. Geroago, XX. mendean batez ere, industriarik gabeko urrunagoko beste lurralde batzuetatik ere etortzen hasi ziren asko e...

Altzako ahozko historien ikas-materialak 2: Gabonak Altzan

Bigarren ikas-unitatea dakartzagu, zertaz eta... Gabonen inguruan, ezin bestela izan data honetan! Unitate honen erronka nagusia, agenda edo ekitaldi bati buruzko testu bat idaztea da, egunkarian argitaratzeko modukoa, edo webgunean. Agendako ekitaldi hori benetakoa izan daiteke edo asmatua. Erronkarekin batera, Gabonak Altzan nola pasa izan diren azalduko dizugu, altzatarrei egindako elkarrizketetatik hartutako bizipenak hartuta. Horrez gain, Gabonetako abestien inguruan gehiago jakiteko aukera izango duzu, baita marrazki-lehiaketa batean parte hartzeko ere! Espero dugu oso ondo pasatzea material hauen aitzakiaz! Gabonak Altzan: ikas-materialak Gogoratu: ikas-material hauen helburua da guk dakigunetik abiatuz beste pertsona batzuekin ideiak, proposamenak, sentipenak, gertaerak... partekatzea, dakiguna balioesteko eta besteekin batera ikasteko Hona hemen unitatearen ikuspegi orokorra:

Migrazioak Altzan

Immigranteak Herrerara iristen. Marrazkia tamaina handian deskargatu Altzan, beste leku askotan bezala, migrazio mugimenduak egon dira historian zehar, bai Altzako jendea beste leku batzuetara joan delako eta baita ere beste leku batzuetako jendea etorri delako hona. Altzako ekonomiaren oinarria urte luzez baserria izan denez, familia ugaritu ahala beste bizibide batzuk bilatu behar izaten zituzten baserritik kanpo: beste baserri batzuetan bilatzen zuten lana, edo zerbitzari zihoazen, edo fraide edo moja sartzen ziren, edo Ameriketara zihoazen... Arrazoi politikoengatik ere joan behar izan dute: karlistadetan (Altzan garrantzi handia izan zuten guda hauek), gerra zibilean, frankismoan... garai hauetan jendeak bere bizitokia utzi eta urrundu behar izan zuen. Altzatarrekin izan ditugun elkarrizketetan, hainbatetan topatu gara Altzara 60. hamarkadan iritsi zen jendearekin. Garai hartan jende asko eta asko etorri zen, bai Gipuzkoako beste leku batzuetatik eta bai penintsulako lek...